Sarrerak Zumaia
Sarrerak Zumaia

local_activity
Erosi zure sarrerak hemen, 2024.12.11 – 10:00etatik kontzertua hasi baino ordu erdi lehenago arte

Data

Abenduak 20, ostirala 20:00etan

Prezioa

8,30€ (GT 5,80€)

Lekua

Aita Mari

Ruper Ordorikaren kontzertua

RUPER ORDORIKAOñatin jaio zen 1956.ean. Musika zalea betidanik, hamabi urterekin Gasteizera joan zen bizi izatera. Giro ilun eta jarrera sortzaileren aurkako garai hartan iragan zen rock anglosaxoian zituen idoloei jarraitzetik kantuak euskaraz idaztera eta euskal kantutegi zaharra ikastera.

Ruper Ordorika ezaguna zen Bilboko euskal kultura zirkuluetan 1980.ean HAUTSI DA ANPHORA, bere lehen diskoa, enrejistratu zuenerako. Gasteizen ikasle denboretan eta, gero, Bilboko Unibertsitatean aritua zen hainbat antolamendu eta ekintzetan. Pott Bandaren sorrera aipatu behar da haien artean, gerora kantariaren ibilbidean edukiko zuen garrantziarengatik. Bertan elkartuko zen aurrerantzean hain harreman emankorra edukiko zuten adixkideekin: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde.

“HAUTSI DA ANPHORA“(Xoxoa –Elkar 1980) argitaratu zen “kantagintza politikoaren” boom-aren ostean. Berregituraketa garaiak ziren, sasoi apalak euskal musikan. Diskoak kritikaren aipu gorenak jaso zituen, euskal kantuaren munduan ekzentrikoa gertatu zen arren. Bernardo Atxagaren testuekin osatutako lehen disko hau, idazlea eta kantaria Bilbon bizi zirenekoa da eta poetika baten lekuko. Grabaketarako musikarien hautaketa ere berezia izan zen, geroko konstantea bilakatuko dena: jatorri ezberdineko musikariak, elkarrekin jartzea.

1983.ean “NI EZ NAIZ NORUEGAKO ERREGE” (Elkar 1983) etorri zen. Talde egitura finkoago batekin, aurrekoaren giro akustiko elektrikoan sakondu egiten du. Ruperren lehen kantu – hitzak bertan agertzen dira, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia eta Joxemari Iturralderen testuekin batera. 

Londresen egonaldi luze baten ondoren, musika munduan jarraitzeari buruzko zalantzak gutxi gora behera erabaki ostean etorri zen ” BIHOTZERREAK” (Elkar 1985). Formaz eta interpretazioaz arduratu zen diskoa, musikariaren ikuspuntutik grabatutako kantuak ditugu bertan, “rock radikalaren “fenomenoa puri purian zegoen momentuan…
Bost urtetako eten bat dator diskoen alorrean eta norabidea aldatu nahiean, diskaetxeekiko harreman kontuetan , musikan eta asmo berrietan oinarrituriko joera ezberdin baten bila. Kantaldi ugari eman, disko pare bat produzitu- Hertzainak taldearena produzitu eta gero, hilabeteko bira batean aritzen da Europan zehar Gasteizkoen gonbidatu gisa –“HENRY BENGOA, Inventarium” , B. Atxagaren saioa, hainbestetan taularatu…baina grabaziorik ez zen etorri 1990.a arte: “EZ DA POSIBLE” (Gasa-Wea 1990). Rock sonoridadetik gertuen egin duen diskoak entzulego zabal baterako bidea ireki zion Ruper Ordorikari

Bi urte beranduago, kantaldi asko eman eta gero, zuzenekoaren ondorioz eta sasoi bateko erakusgarri bezala lau kantuekin osatutako mini disko bat atera zuen:“RUPER ORDORIKA&Mugalaris”(Emak Bakia 1992). Diskoa fabrikatzen utzi eta New Yorkera joan zen egonaldi baterako. Bidai emankorra bertan bizi izandakoarengatik eta baita gerora begira ere.

Zerbait antzemango zuen Ruperrek hiri haundian. Asmo sendoa ekarri zuen handik:kantu zaharrarekiko bere pasio-zaletasunari irtenbidea eman behar ziola eta Hiru Truku antolatu zuen. Baita disko bat enrejistratu ere, kantaria ondo ezagutzen ez zutenentzat ustekabeko galanta !: “HIRU TRUKU: mendebaleko euskal baladak” (N. Medios 1994). Bixente Martinez eta Joseba Tapiarekin batera, hemen eta han kritikak eta entzulegoak goraipatu duten lana. Kantu zaharraren interpretazio berritzaile bat.

“SO’IK SO” (Nuevos Medios 1995) izango da beste aurrerapauso bat Ruper Ordorikaren ibilbidean. Sonoridade aldaketa baten oinarrian gaude. Kantuaren garrantziak hor dirau, baina testura ezberdinetan murgildurik, aldaketa nabarmena da grabazio honetan. N. York-en errotutako harremanen ondorioz, disko honetan, ez bakarrik estiloz, baizik eta jatorriz ere, oso mundu ezberdineko musikariak batera datoz.

Kantu zaharraren munduan berriz, lehendabizikoaren jarraipena hiru urte beranduago: “HIRU TRUKU II. Mendebaleko euskal kantuak” (Nuevos Medios 1997). Hainbat kontzertuen ostean disko honek ixten du hirukotearen ibilbidea, Euskal Mendebaleko kantuei buruzko emaitza. Ingalaterran egindako kontaktuen bitartez burutzen da honako hau ere: Hiru Trukuren disko biak Londresen nahastu dira eta bietan hango Folk munduko gonbidatu berezienekin.

“DABILEN HARRIA”(Nuevos Medios 1998) N. York-eko inprobisazio munduko hiru musikariekin burututako diskoa da. “Soík So”-ren jarraipena, nonbait, beste aurrerapauso bat kontsideratu zuen kritikak eta baita onespen zabala lortu ere. Ruper Ordorikak sendotu egiten du gisa honetan oso mundu ezberdineko musikariekin dituen loturak, beti ere bere kantuaren alde eta erabateko sonoridade aldaketa baterako bidean.

Urte hauetan, zuzenean, Ruper Ordorika beti aritu izan da musikariekin, eszepzioak salbu. Halako batean erabaki zuen bere musikari taldeari “Mugalaris” izena ezartzea. Hainbeste eta hainbeste kantaldien ostean zuzeneko disko bat burutzea erabakitzen du eta baita egin ere. Emanaldiak Bilboko Kafe Antzokian burutu zituen 1999.eko Azaroaren 25ean eta 26an. Hiru emanaldi horietatik, bertako entzuleen berotasunean, atera zen “GAUR” (Esan Ozenki 2000).
Ruper Ordorika&Mugalaris-en ibilbidearen benetako lekukotasuna utziz, sasoi guztietako hamabost kantuetan.

“HURRENGO GOIZEAN” (Metak 2001) Ben Monder, gitarran, Fernando Saunders , baxuan eta Kenny Wollesen baterian dira N.Yorkeko musikariak disko eder honetan. Dabilen Harrian ez bezala, oraingoan, soinu garbi baten aldera jotzen du Ruperrek izugarrizko hirukote honekin disko bikaina erdietsiz, malenkoniaz, hauskor agian, eta musikalidadez beterik.

“KANTUOK JARTZEN DITUT” (Metak 2003) Hamabi kantu berri biltzen ditu. Bertan autore osatu bat entzuten ahal dugu, berak sortutako esparru berezian laketzen dena: berezkoa duen mundu musikalean eta era berean guztiz eguneratua eta irekia den sonoridade batean. Berriro ere New York-eko musikariekin, kantariaren ikuspegi guztiak biltzen ditu disko honek: ahots sendoa eta nabarduraz betea, abesti sakonak, herri kantuaren oihartzunak, rockatik hurbilak, sonoridade berriak…

“HIRU TRUKU- Nafarroako kantu zaharrak” (Metak 2003) Baladak eta koplak biltzen ditu. Zenbait urte eta gero, talde elektrikoarekin han eta hemen ibili eta gero, Ruper Ordorika Bixente Martinez eta Joseba Tapiarekin elkartu da, beste bi Trukuekin, eta hirurok berriz plazaratzea erabaki dute. Aurreko urteetan eraikitako lanaren hildotik abiatu dira eta aspalditik dakarten asmoari jarraiki heldu dira, Nafarroako kantu zaharrekin oraingoan. Hirugarren disko bikaina eta hainbat kontzertu urtebetean.

“MEMORIAREN MAPAN”(Elkar 2006) Erabateko aldaketarekin heldu zitzaigun kantu sorta eder hau. Alde batetik bakarka grabatutakoa delako: gitarra eta ahotsa, eta bestetik kantu guztiak Joseba Sarrionandiaren testu berriekin osatutako abestiak dakarzkigulako. New York-en nahastua, hango musikarien ikutuekin ondua dugu disko hau eta sortzez batera heldu izan balira entzuten ditugu kantu ederrok: erabat natural, bai soinuz, bai, doinuz eta hitzez.

“Memoriaren Mapan” kaleratu baino aste bete lehenago grabatu zen “HAMAR T´ERDIETAN” (Elkar 2007-CD-DVD). Zuzeneko disko berri bat. “2006ko urriaren 26an eta 27an, gaueko 10:30ean Bilboko Kafe Antzokira hurbildu zirenek, une berezi bat dastatu zuten: Ruper Ordorikak, “Mugalaris” taldearekin batera, eskaini zuen emankizuna, hain zuzen”. Cdak hamalau kantu biltzen ditu eta 6 kantu filmaturik DVDn. 2000tik aurrera Ruperek taldea berantolatu zuen eta baita 6 urtetan talde berarekin aritu ere: Dani Pérez, Nando de la Casa eta Alberto de la Casa zituen musikari.Grabaketa honetarako beste bi gonbidatu deitu zituzten: David Soler eta Arkaitz Miner. Sasoi baten lekukotasun paregabea uzten digute “Hamar t´erdietan” honetan, era ezberdinetako kantuekin, etengabeko eraldaketan ari den musikariaren islada da Ruper Ordorikaren bigarren zuzeneko hau.“HAIZEA GARIZUMAKOA” da 2009.ean Ruperrek osatutako hurrengo diskoa. Hamabi kantu berri, kantariak berak idatzitakoak, eta Brooklynen grabatuak. Sakonera egiten du Ruper Ordorikak berriro ere disko honetan. gero eta helduagoa bere abesteko eran eta gero eta personalagoa sonoritatean. N.Y.eko musikariekin grabatutako album honek kantu hunkigarriak biltzen ditu, egunean egunekotik haratago doazen doinuak eta hitzak.

Bi urte beranduago Ruper Brooklynera itzuli eta “HODEIEN AZPIAN” (Elkar-2011) delako diskoarekin heldu zen. Hamaika kantuetan agertzen zaigu egilea heldutasunak ematen duen intimismo lañoan, zer kantatu-esan nahi duen eta nola esan-kantatu nahi dueneko lurraldean. New Yorkeko musikari lagun haundiekin disko itxuraz soila eta iradokizunez betetakoa osatzen du. Dagoeneko ohiko dituen Kenny Wollesen, Skuli Sverrisson eta Ben Monder-ez gain, Stephen Ulrich-ek hartzen du bere gain gitarra lan gehiena oraingoan.