NUNAVUT – Dantza garaikidea, zuzeneko musika, arte plastikoak eta ipuin kontaketa
Sinopsia
Noiz utzi genion haur izateari? Noizbait utzi al diogu? Noizbait utziko al diogu?
NUNAVUT behin izan gineneko lurraldea da, denbora izozturik mantentzen denekoa, glaziarrek betirako irauten dutenekoa. Bertan ikasi genuen zuhaitzetatik zintzilika ibiltzen, zuhaitzik gabeko eremuan. Bertan jaso genuen piztiaren besarkada. Bertan ziren aske, haizeak korapilaturiko gure adatsak. Ahazturatik berreskuratuko al dugu, noizbehinka, bertara itzultzeko bidea…?
NUNAVUT izenak “gure indarra” edo “gure lurra” esan nahi du Inuiten hizkuntzan. Gurea, generazio ezberdinetako pertsonen arteko bilguneak berreraikitzeko eta afektuzko hartu-emanak berraktibatzeko espazioen aldarrikapena da: lurralde utopiko bat eraikitzeko saiakera, non maitasuna, munstroak eta jolasa gailentzen diren. Non dena gelditu egiten dena, eta begiratzea eta entzutea besterik ez den geratzen. Ondoren, guztia gertatzen da…
Dantza garaikidea, zuzeneko musika, arte plastikoak eta ipuin kontaketak batzen dituen proposamen hibridoa.

